XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikusten denez, inesiboaren marka galdu da eta instrumentalarena bakarrik gelditu, gazteleraz gertatzen ez dena, non biak bizi baitaitezke ondoan: además de en Dios.

4. Gutun berean bada erlatibozko perpaus bihurri bat, guri egungo egunean aditzeak ere esateak mila bider gehiago nekeak ematen dizkiguna.

Erlatibozkoa dela norbaitek dudatan jarriko balu, hortxe dugu frantsesezko testua dudak haizatzeko.

Ikus dezagun lehenik euskarazkoa:

ezen halaz eman izan zait... orhoitzeak-ere buruko biloa latz eraziten drautan kaptibitatezko suiekzionetik ilkhiteko okasione eta moien.

Eta frantsesez: la souvenance de laquelle me fait encore dresser les cheveux en la tampecirc;te.

Zertan datza kontua?

Frantsesak erakusten digunez perpaus nagusiaren eta erlatibozkoaren elementuen arteko erlazioa genitiboa denean, bestela esan, erlatiboak genitiboan joan beharko lukeenean, oso gaizki moldatzen garela gaurko euskaldunok.

Leizarragaren irtenbidea ezin errazagoa da, bestalde: genitiboa erabat isildu.

Alegia, batetik daukagu: kaptibitatezko suiekzionetik ilki naiz.

Eta bestetik:

haren (=suiekzionearen) oroitzeak buruko biloa latz eraziten draut.

Nola lotu biok elkarri?

Bietan errepikatzen den suiekzionea, edo nahiago bada, hizkuntz erromanikoen kategorietan genitiboan joan behar lukeen erlatiboa, arras isilduz eta beste gabe gainerako elementuak elkartuz, adizkiari erlatibozko -n erantsiz, noski.

Alegia, oroitzeak buruko biloa latz eraziten drautan kaptibitatezko suiekzionetik ilki naiz.

Jokamolde horrek benedikatzen ote ditu eta on egiten honako esaldi hauek?

Euskaltzaindiaren baitako hizkuntzalariei eskaintzen dizkiet, har nahiz arbuia ditzaten; neure ustez Leizarragarenaren arabera asmatu ditut, baina ez naiz ziur ongi dauden.

Hona sorta bat: Erosteak kaltea baizik egin ez dion etxeari su eman dio.

Ahazteak nahigabe handiak eman dizkidan amaren kontseiluak bete nahi ditut gaurgero.

Etxetik jaurtitzeak pena handia eman zion semea etorri zaio berriz etxera.

Ameriketara joaiteak irabazi handiak ekarri dizkion laguna mila bider madarikatu du.